Monday, April 02, 2007

Dj Laiakoekin kontzertua eta manifa I

Hobeto... nahita ere ez!

Hala laburbildu ditzaket Andoni eta Koldorekin Kobenhavnen igarotako orduak. 30 bat bakarrik izango ziren, baina ezin mugituagoak.

4etan Koldorekin estaziora iritsi ondoren, Andoni aurkitu genuen eta tivoliren sarrerara abiatu ginen Enekori itxarotera (Esker mila denagatik!!! bere bloga hemen). Handik, minutu gutxiko paseotxoaren ondoren, bera bizi den etxera, trasteak utzi eta Verdens Kultur Centret delakora hurbildu ginen, ezer ez galtzeko asmoz (ze eguneko programak dokumental pare baten emisioa ere barneratzen zuen). Iristean, "Ongietorri komite" kuriososa aurkitu genuen: Jon "Drummond" Elizalde eta Dj Zigor (DZ), musikarien sarrera ondoan mahai batean eserita. Begira gelditu ginen elkarri, ta Jonek azkenean "Zuek euskaldunak zarete, ezta?" galdetu ondoren, beraiekin hitz egin genuen denbora pixka bat. Gero barrura sartu, eta inor ez zegoela ikusita, gertuko taberna batetan garagardo bat hartzera irten ginen.

Bueltakoan dokumentalak ikusi eta aulkiak erretiratzen zituzten bitartean, Nafar jarto samar bat eta duela 7 urte Kopenhaguen bizi den Donostiar bat ezagutzeko aukera izan genuen, DZ irten eta reggaea jartzen hasi zen artean. Gosea nabaritzen hasten ari ginen eta Andoni galdetzera hurbildu zitzaion ea kontzertua hasi baino lehenago afaltzeko zerbait erostea irteteko denborarik izango genuen, eta ezetz. Berehala ahaztu zitzaizkigun goseak eta egarriak!

Minutu batzuk pasata, Jon, Fermin eta Sorkun eskenatokira irten eta kontzertua hasi zen. Ferminen urtetako ibilbidean suertaturiko talde guztien abestietaz gozatzeko aukera izan genuen, Kortaturen garaian konposaturiko eta azken diskorako bertsionaturiko "En la Linea del Frente"tik Negu Gorriaken "Reggae Peachentzat", FM eta Dutek jotako "Nik Baditut Sei" edo Bakarlari moduan ateratako diskoetako "Newroz", "Big Beñat", "Armagideon Tenoreko Aztarnak" edo "Euskal Herria Jamaica Clash", besteak beste.

Ohiko abestien ondoren, eta bukaera gertu zegoela iragarriz, The Specialsen bertsio bat ere entzuteko aukera izan genuen. Kontzertua amaituta, eta DZ musika jartzen ari zen bitartean, esperantza geneukan irten eta beraiekin argazki bat ateratzeko aukera izango genuela.

Horren ordez, Andonik tramankuluak jasotzen ari zen Gustavo managerrarekin hitz egin eta honek zuzenean eskenatoki atzeko atea jo ta musikariei argazki bat aterako ote zuten geldetzeko komentatu zion. Esan eta egin, ta Andoniren gestio bikainetik minutu batera, barruan geunden kontu kontari Dj Laiakoekin zerbezak edanez.

Jamaican diskoa grabatzen pasatako epean gertatutako pasadizo interesgarriak eta Ttaken denborari buruzko kontuetaz Jonekin hitz egiteaz gain, Danimarkako hizkuntzaren egoeraz eta beste hainbatetaz hitz egin genuen. Esan behar dut laurak oso lagunkoi eta jator hartu gintuztela momentuoro eta asko eskertzen den jarrera da hori, batez ere etxetik hain urrun egonda etxean bezela sentiarazten zaituztenean. Eskerrak, beraz, Sorkun, Fermin, Zigor eta Joni.

(Hurrengo sarreran jarraituko du kontakizunak, txapa elkar trukaketa, ezizen jartze eta backstageko kontu gehiagorekin...)

0 iritzi: