Sunday, October 28, 2007

Asteazkenean denok Egiara!

Cocoa Tea   Ryan

Izan ere, urriaren 31ean, Santu Guztien Egunaren bezperan, Cocoa Tea eta Ryan Egiako Gazteszenan izango ditugu (6€ren truke, batere gaizki ez dagoena, portzierto). Kontzertua ptan hasiko omen da. Ondorengo textua Gaztemaniaketik hartua dago:

Calvin Scott (Cocoa Tea ezizenez ezaguna) 1959. urtean jaio zen Jamaikan (Rocky Point, Clarendon). Oso gazte hasi zen lanean, 1974. urtean, hamabost urte besterik ez zuela Searching In The Hills grabatu zuenean; hala hasi ziren Desmond Dekker, Freddie McGregor, Barrington Levy, Toots Hibbert, Everton Blender eta hiriburukoak ez ziren beste hainbat artista ere. Lan hark, ordea, ez zuen arrakasta handirik izan baina ordurako nabaritzen zen nerabe hark nondik edaten zuen, Dennis Brown, John Holt, Bob Marley eta, batez ere, Bunny Wailer baitzituen inspirazio iturri, bistakoa zenez.
Dena dela, produktoreek ez zituzten bere dohainak antzeman, garai hartan Bob Marleyren eta halako kantautoreen atzetik zihoazen, nonbait, eta, geroxeago, hamarkada bukaeran, DJ aldakorrak izan zituzten jomuga. Aurrena jockey izan zen zaldi lasterketetan, eta arrantzale ere ibili zen, baina musikaren harrak ez zion bakerik ematen eta irla barrenera joaten ziren Sound Systemetan bere estiloa finduz joan zen.
80ko hamarkadaren hasieran Cocoa Tearen ahots goxoa Kingstonera iritsi zen, Dancehalla lehertzen ari zen unean, hain justu, eta, zorionez, Henry Lawes “Junjo” ekoizleak zenbait lan egitea proposatu zion; lan horietan rootsen kultur ondare guztia berreskuratu zuen dancehall estilo peto-petoan. Ahotsa riddim batetik saltora egiteko gai da erosotasun handiz, beti epel, beti goxo eta mezu espiritual nabarmena duela.

Hiriburuko pistak eguneroko bizimodua islatzen zuten artisten mezu bortitz, sexual eta espiritualtasun gutxikoez beteta zeuden garai hartan Cocoa Teak bere mezuari eutsi zion, rootsen iragana eta oraina lotzen zituen kate-maila bihurtuta. Artista edo kantautore bat baino gehiago, Cocoa Tea riddim huts bat oinarri hartuta mirariak egiteko gai den ahots bat bezala entzun behar dugu adi-adi, eta, are gehiago, hori gabe ere gai da atentzioari eusteko mezua eta bere artea ardatz dituela. Jamaikako gaur egungo musikan nabarmen-nabarmena den musika formula berria.

Reggae abesten duen lehenengo kantari jamaikarra dugu Ryan eta Reggae Soul (Urban Soul edo Nouveau Reggae) deitu zaion horren asmatzailea da. Bidaiari amorratua, mundua musa bihurtu du eta abestien hitzek historia arruntak, bizitzaren beharrak eta, batez ere, giza emozioak kontatzen dituzte.

Izen handiko kantari eta moldatzailea da. Hainbat artistarekin lan egin du, Black Uhuru taldeko “Grammy Kid” Michael Roserekin, besteak beste, eta hori dela eta jarraitzaile ugari ditu 2006. urteaz geroztik.

Unaik eta nik joateko asmoa degu, ta pentsatzen det Mikel ere animatuko dela. Joateko asmoa duenak abisatu dezala. Osteguna jai denez ea parranda alternatiboa han hasten dugun!

0 iritzi: