Sunday, September 20, 2009

Igande Arratsalderako Reggaea 18

...♫ Aspaldiko partez ♫...


Eguraldia petraltzearekin batera ohitura onak berreskuratuz, hemezortzigarren aldiz musika jamaikar bildumatxoa ordu erdi agradablea pasatzeko...

Winston Francis beteranoaren abesti batekin hasiko gara gaurkoan. Ez da artista ezagunenetakoa baina Ingalaterra Skinhead Reggaearen garaian bere fama hartutakoa dugu, eta 'Ten Times Sweeter' honetan ikus dezakegun ahotsak du horretan kulpa.

Willie Williamsek aurrekoan ere presentzia garrantzitsua izan zuen, eta honetan are gehiago. Diska ezberdinetako 3 abesti oraingo honetan: Toasting estiloan beti ere (abestien originalen gainetik errezitatuz) 'Revenge', 'Stronger Strong' roots sakona (neri Abyssinians gogoraratzen dit hein batean) eta 'Master Plan' alaiagoa.

Horace Andyk ere badu bere tartea, 70. hamarkada bukaeran reggae zirkuluetan arrakasta itzela lortu zuen 'Natty Dread A Weh She Want'ekin. Uste dut urteko hitean bihurtu zutela David Rodigan DJ ospetsuaren irratsaioan. Melodia ikaragarria da!

Rocksteadyaren erritmo lasaiaetan sartuta, Larry Marshall eta Alvin Leslieren 'No One to give me Love', estiloan hain klasikoak diren maitasun gaiak jorratuz. John Holt aski ezaguna dugu bilduma hauetan, eta gaurkoan nola ez beste bi kantu: 'Mr. Fix It' eta 'For the Love of You'. Bata zein bestea Lovers Rock estiloan kokatu daitezke, Holt maisua dugun horretan hain zuzen ere. Eta Lovers Rocka utzi gabe, Matumbiren 'After Tonight', koro eta guzti.

Bilduma amaitzeko, eta estiloz guztiz aldatuz, Tenor Saw Dancehall abeslariaren 'Roll Call', baina ez beldurtu, hasierako garaietako estiloan interpretatua da, garraxi eta demonio-ahotsik gabe. Garai batean, 80. hamarkadaren hasieran, Dancehalla beste gauza bat zen. Gaur egungoarekin diferentziak nabariak dira, baina jadanik estiloa bereizi duen atzeko rasgatu hots hori badaramalarik.

Hurrengorako hainbeste denbora itxaron beharko ez duzuelakoan...

Enjoy Yourself!!!

Igande Arratsalderako Reggaea 18